Navigation | Batxilergo 2ren agurra

Batxilergo 2ren agurra

Egunak pasatu dira eta ez gabiltza garaiz kontu honetan, baina ez dugu ahaztu larunbatean Batxilergoko bigarren mailakoekin izandako afaria.

Futbolak mehatxu egin bazuen ere, giro onean afaldu genuen, bapo!  Aurten ez zen bolondres asko izan mutilen artean, baina, behin hasi eta gero, gustura ikusi genuen kamarero lerroa Jokinek prestatutako jaki goxoak mahaira ekartzen. Hura planta gure mutilena!

Jokinek iaz listoia oso goian utzi bazuen, aurtengoan ere ez da txantxetan ibili. Ez dakit ekintza honek dibertsitatearen hezkuntza, berdintasunarena, komunikazioa, ikasten ikastea ala talde lana lantzen dituen, baina ezin da behar-beharrezko konpetentzia batzuk jorratzen dituela ukatu. Aparteko entsalada, odolki tartaleta, txerriki pintxoa, sorbetea… Ez dugu asko argitzen han jasotako inpresioa, aurkezpen dotorea, zaindutako elaborazioa, erakutsitako imajinazioa. Aupa, Jokin! Fisikako proiektuak garrantzi handia du, baina kurtso bukaeran prestatzen diguzun afari hau ez da batere makala! Segi horrela!

Afaria bukatu eta pote lasai batzuk hartzera joan ginen Ordiziako tabernetara. Berriro futbola mehatxu… Dantza handirik egin gabe, taldea desegiten joan zen azkenean eta poliki-poliki bukatu genuen aurtengo despedida.

Zorte on Batxi2! Etorkizun oparoa Jakintza Ikastolatik!

Filed by koro at Ekaina 24th, 2008 under Albisteak, Kurtso bukaera

Eskerrik asko laudorioengatik :wink:

Tontakeria bat irudituko zaizu baina beti pentsatu dut irakasle berrien hautaketan sukaldaritza maila baloratzeko zerbait egin beharko genukela (esaiozu Liniri zenbatetan komentatu diodan hori). Sukaldaritzak atzean balore interesgarri ugari gordetzen ditu: autonomia lanean (lekua prestatu, erosketak, ekonomia zaindu…), ikasten ikasi (ezer gutxirako balio dute sukaldaritza ikastaroek; norberak, bere interesen arabera ikastea besterik ez da geratzen), sormena (plater goxoak, bisualki erakargarriak eta gainera aurrekontu mugatu batekin egitea ez da gauza erraza), elkarrekin bizitzen ikasi (zure lankideen satisfakzioak ematen dizun asetze maila bezalakorik ez dago egindako lanak merezi izan duela sentitzeko)…

Bitxia da baina Euskal Herrian zein errez eskaintzen diegun gure bizitzako denbora zati bat gure ingurukoei bazkari eta afari goxoak prestatzen, zer gutxi kostatzen zaigun gure errezeta “sekretuak” besteekin partekatzen, zein beldur gutxi diogun maitasun handiki prestaturiko jakiek balorazio negatiboak izatea… eta zenbat kostatzen zaigun jarrera hauek gure lanera ekartzea.

Sukaldaritza saioak antolatu beharko genituzke Batxiko irakasleen artean gure lanean gaur egun bizi dugun satisfazio mailak gora egin dezan?

Iruzkina egilea: jolaus — 2008 Ekaina 24 @ 1:18 pm

Iruzkina idatzi