2007-08 ikasturtea gaur bukatzen da
Hemendik ordu erdi batera, Batxilergo 2. mailako tutoreek azken txandako Hautaproben notak jasoko dituzte Donostian eta, berehala, dagokien irakasleei eman. Orain arte bezala, dena ondo joango den itxaropenean gaude, baina horrela ez balitz izango, animo! Izango dira beste aukera batzuk!
Hemendik aurrera, gure ikasleek inoiz baino gehiago pentsatu beharko dute etorkizunean. Urte mordoxka ikastolan egin eta gero, bide berri batzuk urratzera doaz. Zorte on denori!
Hementxe utziko dizuet aurten Ohorezko Matrikula lortu duten ikasleen argazkia eta azken Jakintzazurako egin zuten elkarrizketa. Zorionak Eñaut Agirre eta Eneko Novori.
Ondo pasa oporrak!
Kaixo, bikote. Lehenik eta behin, zorionak! Zer bururatzen zaizue helduei “Ez da giro gaur egungo gazteekin!” entzundakoan?
Eñaut: “Ez zait iruditzen helduek benetan halakorik pentsatzen dutenik. Agian, hainbat gauzatan harrituko ditugu, onerako zein txarrerako, baina esaldi hori ohituraz esaten dutelakoan nago. Berdin-berdin entzun genezake esaldi hori poztasunean zein haserrealdian, besterik gabe esaten duten seinale. Azken batean, belaunaldi guztiek berdin jokatzen dugu gaztaroan”.
Eneko: “Momentuko haserrea adierazteko besterik ez dela iruditzen zait. Egungo gazteak beste belaunaldietakoak bezain kapazak edota kapazagoak gara, gehienbat baliabide gehiago ditugulako. Ziurtasun osoz esango nuke esaldi famatu hau historian zehar heldu guztiek esan dutela noizbait”.
Duela egun batzuk Hautaprobak izan dituzue. Erronka handia izan al da zuentzat? Zergatik?
Eñaut: “Lekuz kanpo dagoela iruditzen zait. Erronka bat da, noski, baina hutsala. Norberak erakutsi beharrekoa urtean zehar erakutsia du eta ez dut uste hiru egunetan halako azterketak egin beharko liratekeenik. Hutsala eta gogorra aldi berean! Kontzentrazio handia eskatzen baitu orain ikasi beharra izateak”.
Eneko: “Guztiz bat nator Eñautekin. Hiru egunetan egindakoa ez da bi urtetan egin dugunarekin konparagarri. Erronka? Medikuntza egin ahal izateko media ateratzea besterik ez da, nik pertsonalki hori dut buruan. Lasaitasunez hartu eta listo”.
Biak medikuntza! Zer dela eta? Nondik datorkizue zaletasuna?
Eñaut: “Egia esan, ez dakit zergatik. Agian, giza gorputzaren funtzionamendua ulertzeak betidanik erakarri nauelako izango da. Onartu behar da ikasketa gogorrak direla, baina uste dut “bokazioa” izanez gero, lan benetan atsegina behar duela”.
Eneko: “ Zaletasuna? Egia esan, familia gauza bat da gehienbat. Ama medikua, anaia medikuntza egiten… Eragina nabarmena izan da eta hori jendeari laguntzeko gogoarekin elkartuz, izugarrizko gogoz ekingo diot etorkizunari”.
Bi urtez geroztik ikastolan. Oroitzapen aipagarririk bai?
Eñaut: “Hamarnaka oroitzapen datozkit burura, onak gehienak, ezbairik gabe. Txiki-txikitako oroitzapenik ez dut, baina behin San Inazion hasi ginenetik tarte bikainak pasatu ditugu. Gogoan ditut, adibidez, klasean izaten genituen zapaburuak, Zuazako irteerak…Eta, noski, lagunak ere bai. Gelakide bikainak izan ditugu eta baita irakasleak ere. Horixe da oroitzapenik onena”.
Eneko: “Hainbat oroitzapen datozkit gogora, momentu onak eta txarrak. Urte luze hauetan aipagarriena ikasle-irakasle arteko erlazio ona eta ikaskideen laguntasuna. Ikaragarria izan da! “Table tennis School”
eta horrelakoak betiko geldituko dira memorian. Hemendik urte batzuetara irribarretxo bat eragingo didate, hori da ikastolatik atera dudan gauzarik aipagarriena”.
Filed by koro at Uztaila 16th, 2008 under Kurtso bukaera
