Navigation | ARAUDIA

ARAUDIA

0. SarreraJakintza Ikastola hezkuntza erakundea den unetik, gizaki desberdinez osaturiko komunitatea da. Bertan, guraso, ikasle eta irakaslek parte hartzen dute eta betebehar eta eginkizun desberdinei aurre egiteko konpromisoa dute, elkarbizitzarako bitartekaritzaren kultura oinarritzat hartuz.

Jakintza ikastola komunitate zabala izanik, pentsaera, izaera eta inguruarekiko eta munduarekiko ikusmolde desberdinak dituzten pertsonez osatua dago. Aniztasun hau kontuan izanik, iritzi, kultura eta balore desberdinetako errespetuan oinarrituko da jakintza ikastolaren hezkuntza sistema.

Aipaturiko elkarbizitza bermatzerakoan, bitartekaritza sistema erabiliko da. Honen bidez lortzen ez denean, eskuartean dugun oinarrizko arautegi hau tresna bilakatuko da, eta honen izaera euskalduna, hezitzailea, partehartzailea eta demokratikoa ziurtatuko ditu.

Euskalduna: euskara da gure hizkuntza eta baita gure kulturaren ardatza ere; beraz, ikasketa hizkuntza izateaz gain, harremanetarako hizkuntza da.

Gure ikastolak eleaniztasunaren alde apustu egiten badu ere, euskara da hizkuntza nagusia.

Ikastolaren egitekoa euskal kultura eta euskalduntze prozesua bultzatzea da, inguruko elkarteekin lan egiteko prest agertzen delarik.

Hezitzailea: eskola elkarteko harremanak bideratu eta arautuko dituen lan tresna honek ikasleak hartzen ditu bere baitan. Eta hau guztia derrigorrezko abiapuntu normatiboa baino gehiago, heziketa praktikarako erreferentzia eta jomuga izango da.

Partehartzailea: eskola komunitatearen kontzentzua edo adostasun zabala lortzeko, partehartze zuzena, malgutasuna eta elkar ulertze bideak bitartekaritzaren haritik garatuko dira.

Demokratikoa: askatasuna, errespetua, tolerantzia, integrazioa, justizia, kritikarako gaitasuna bezalako printzipioek izan beharko dute ikastolako bizitza gidatuko duten balore nagusiak.

1. Hezkuntza eskubidea

1.1. Kalitatezkoa eta integrala

Ikasleek nortasunaren garapen osoa bermatuko duen heziketa lortzeko eskubidea dute. Aipaturiko heziketak ondorengo puntu hauek hartzen ditu bere baitan:

Eskubide eta askatasunen errespetuan haztea ikaslea, demokrazia printzipioen barruan tolerantzia, elkar errespetua, askatasuna, justizia… Erabiliz.

Lanerako ohitura intelektualak eta teknikoak lortzea, eta halaber, zientzia, teknika, gizadia, historia, hizkuntza… Mailako ezagutzak bereganatzea.

Nortasuna askatasunean garatzeko eta demokraziazko elkarbizitza ahalbidetuko duten balioak bereganatzeko heziketa jasotzea.

Euskal herriko kide diren aldetik, hizkuntza, historia, geografia eta kultura ezagutzea, euren euskal nortasuna aurki dezaten.

Ikasleek ikasketa osoak euskaraz jasotzea eta ikastolarekiko eta lagunarteko harremanak euskaraz izatea. Eleaniztasuna bultzatuz eta garatuz, gaztelania eta beste hizkuntza batzuen ezagutza eta erabilera bermatzea gizarte zabal batean harremanak mantentzeko gai izan daitezen.

Afektibotasunaren garapen harmonikoan, autonomia pertsonalean, sexualitatean, autoestimuan eta besteekin harreman libreak izateko gaitasunean heztea.
Osasunaren babesa eta gaitasun fisikoen garapena ziurtatuko duen hezkuntza jasotzea.

Bakerako, askatasunerako eta herrien arteko elkarlan eta elkartasunerako heziketa jasotzea.
Euren osotasun fisiko, psikiko eta morala, nola bere duintasun pertsonala errespetatuak izatea, tratu laidogarri eta umiliagarriak saihestuz.
Ikasleek bere eskola jardunaldia segurtasun eta garbitasun egokietan garatzeko eskubidea izatea. Horretarako:


Hezkuntza administrazioak eska ditzakeen baldintzez gainera, ikastolak behar diren neurriak aztertu eta garatuko ditu, ikasleak segurtasun eta osasun-garbitasun giroan bizi daitezen.

Honetarako, jakintza ikastolak hitzaldiak, ikustaldiak, etab. Antolatuko ditu ikasle zein gurasoentzat.

1.2. Berdintzailea

1.2.1. Hezkuntzako maila desberdinetara heltzeko aukera bera dute ikasle guztiek.

Jaiotza, arraza, hizkuntza, sexua, ekonomia-maila, gizarte-maila, politika, moral edo erlijio mailako uste sendoak direla bide bereizkeriarik ez jasateko eskubidea dute, ez eta urritasun fisiko edo psikikoengatik, edo beste edozein egoera pertsonal edo sozialagatik ere.

Istripu edo gaixotasun luze bat gertatzen bazaie, istripu edo gaixotasun hori oztopo gerta ez dakien euren eskola errendimenduari, ikasleek beharrezko laguntza jasoko dute.

Ikasleek, gaitasun aniztasuna dela eta, beren garapen prozesuari egokituriko ikasketak izateko eskubidea dute. Horretarako behar izanez gero, ikasketa baldintza, curriculumak eta bitartekoak egokituko zaizkie.
Beren kontzientzia askatasuna eta ideologia, erlijio, etika eta uste moral sendoak errespeta dakizkiela eskatzeko eskubidea dute ikasleek, halaber, baita horiekiko intimitatea ere.

Beren gaitasun, ezagutza eta ahalmenen arabera, beren erabaki-askatasuna ziurtatuko duen eskola, bokazio eta lanbide orientabidea hartzeko eskubidea dute.

2. Ikasleen eskubideak.

2.1. Arlo akademikoan.

2.1.1. DBHOko ikasleek etapa honetako arlo akademikoari dagozkion gaietan parte hartzeko eskubidea dute.
Ebaluazio irizpideak eta ikasturte edo eskola-ziklo bakoitzean gainditu beharreko gutxienezko helburuak zein izango diren ezagutzeko eskubidea dute ikasleek.
Jarduera akademikoen eta ebaluazio partzialen edo azkenekoen kalifikazioei buruzko argibideak eskatzeko eskubidea dute ikasleek edo beren guraso eta tutoreek. Ikasleek edo beren legezko ordezkariek emaitzei buruzko eskakizun edo erreklamazioak egiteko eskubidea dute aipatutako ebaluazio horietako kalifikazioen aurrean.

Azterketak nahiz edozein lan nola ebaluatu den jakiteko eskubidea dute ikasleek. Argibideak tutoreari edo arloko irakasleari eskatuko zaizkio zuzenean.

Azterketak ezingo dira atera. Ikusi nahiz gero, dagokion irakaslearen baimena beharko litzateke. Beti ere, azterketa horiek ikastetxean jasoko dira.

Ikasleek eskubidea dute justifikatutako goi-mailako kultura edota kirol ekintzetara joateko horietara deituak badira. Bertako arduradunen agiria eskatuko zaie. Hutsegiteak ikastolako azterketa edo proba bereziren batekin bat egiten badu, ikasleak errekuperazio egunean egiteko aukera izango du. Ikasle horrentzat lehenengo aukera izango da eta ez badu gainditzen, beste aukera bat izango du.

2.1.2. Azterketak

Azterketen plangintzak ondorengo urratsak jarraituko ditu:

Aldez aurretik klaustroak proposamena egingo du eta gelak osatuko du.
Ikaslea ez balitz agertuko, azterketa horretarako aukera galdu egingo luke. Dena den, kasu bereziak (gaixotasun puntualak/egunekoak nahiz luzeak eta konprobatuak, mediku espezialistekin aldez aurretik hartutako txanda…) medikuaren agiriarekin bakarrik justifikatuko dira. Justifikatzen bada, ez da azterketa aukera galduko. Berez, beste azterketa bat izatea, oporretara joatea, dentista-okulista txanda arruntak, gaixotasun puntualak… Ez dira kasu berezi kontsideratuko.

Ikasleren bat kopiatzen harrapatuz gero, gai horretan ebaluazio osoa gainditzeko aukera galduko du, hau da, azterketa hori eta dagokion errekuperazioak galduko ditu.

Errekuperazioak klaseko ohiko dinamika hautsi gabe egingo dira. Posible izango ez balitz, klase ordutik kanpo egin beharko lirateke.

2.1.3. Ebaluazio saioak eta hauen ondorengoak

Ebaluazioak:

Ebaluazio saioak ikasturteko gutxienez hiru izango dira, bertan tutoreaz gain, ikasle talde bakoitzaren irakasle-taldea eta, hala dagokienean, ikastetxeak duen orientatzailea izango direlarik.

Ebaluazio saioa tutoreak bideratuko du, aztertutako gaiak eta hartutako erabakiak jasoz.

Ebaluazio saioetan, gai bakoitzarekiko, ikasturtearen hasieratik bilkura egin arte helburuak zein neurritan lortzen diren baloratuko da. Ikasle bakoitzaren kasuan, dagokion aldian ikasitako jakintzagaiaz gain, aurreko bileretan negatiboki baloratuak izan direnak ere baloratuko dira.

Irakasleek emandako kalifikazio eta informazioaz baliatuz, tutoreak txosten bat landuko du, ikasle eta gurasoei emateko (ikus txosten eredua). Bertan kalifikazioaz gain, batxilergoko helburu orokorren lorpen-mailari buruz irakasle taldearen iritzia eta, hala dagokionean, har daitezkeen laguntza neurriak azalduko dira.
Azken ebaluazio saio aurretik:

Ikasturte amaieran proba gehigarri bat (finala) antolatuko da negatiboki baloratuak izan diren ikasleentzat. Proba hau gaiaren curriculumean gutxieneko edukiei eta helburuei buruzkoa izango da, programazioan ezarritako gutxieneko maila kontuan izanik; zati hori gainditzen bada, gutxieneko kalifikazio positiboa lortuko da.
Positiboki baloratuak izan diren ikasleek ere proba berezia egin ahal izango dute, eta gutxieneko mailaz gain, curriculumeko beste arlo batzuk gaindituz gero, maila handiagoko kalifikazioak lortu ahal izango ditu.

Balorazio positiboa lortu ez duten ikasleek aparteko deialdi baterako eskubidea izango dute. Hau azken ebaluazio arrunta egin eta, gutxienez, 20 egun beranduago egingo da.
Azken ebaluazio-bilkuran gai guztien azken kalifikazioa emango da, batxilergoaren helburuak eta ikasleak ondorengo ikasketetan izan ditzakeen aurrerapen-aukerak kontutan izanik.
Ebaluazio saioaren ondoren, klaustroa mailako delegatuekin bilduko da talde osoaren emaitzez eta berezitasunez informatzeko.

Tutore bakoitzak bere gelan aztertuko ditu ondorio hauek.

2.1.4. Notak, aktak eta beste zenbait arau
Ikasturte amaierako aktan, balorazio emaitza 1-10 bitarteko zenbaki eskala erabiliz ezarriko da, hamarrenik gabe. Batezbesteko nota adierazteko eskala bera erabiliko da zifra hamartar bakarraz.

Batxilergo bukaerako batezbesteko notak ateratzeko bi ikasturteko irakasgai guztiak kontuan hartuko dira.

Ohorezko matrikula. Gehienez %5ak jaso lezake, batxilergoko bukaerako espedienteko batezbestekoa beti ere 9 edo honen gainekoa baldin bada. Baldintza hau betetzen duten ikasleen arteko desberdintasuna erabakitzeko, batxilergo bukaerako espedienteko batezbesteko nota hartuko da kontuan.
Berdintasunaren aurrean erabiliko ditugun kriterioak:

Bigarren batxilergoko ebaluazioetako bikain kopurua.

Bigarren batxilergoko gai komunetako batezbesteko nota.
Hautagaien arteko adostasuna.

Zozketa.
Batxilergoko bigarren kurtsora pasatzeko beharrezkoa izango da gai guztiak gaindituta izatea, edo gehienez ere, negatiboki ebaluatutako bat edo bi gai izatea. Bi baino gai gehiagotan ebaluazio negatiboa izan duten ikasleek lehen kurtso osoa errepikatu beharko dute.
Bigarren kurtso amaieran hiru edo gai gutxiagotan ebaluazio negatiboa izango balu, gai horiek bakarrik egingo lituzke (nahi izanez gero, dena errepika dezake).
Ondorio hauetarako, lehen eta bigarren kurtsoan izen berarekin ikasten diren jakintzagaiak, jakintzagai bakar gisa hartuko dira.
Ikasleek ezin dute inolaz ere lau urte baino epe luzeagoan batxilergoan eskolatuta egon.
Ikasleak emaitza akademikoak objektiboki neurtuak izan daitezen ziurtatzeko eskubidea du. Aurrez, edukiak, eskatzen den maila eta irakasleak neurketan erabiliko dituen irizpideak ezagutu behar ditu. Hala ere, garbi ez balego, hezkuntza ordezkaritzak aipatutako bideak jarraitu ahal izango ditu.

2.2. Ikastolako funtzionamenduan

2.2.1. DBHOko ikasleek ikastolako funtzionamenduan, bizitzan eta hezkuntza gaien inguruan etapa honi dagozkion gaietan parte hartzeko eskubidea dute.

Partehartzea ziurtatzeko DBHOko Funtzionamendu Batzordea dago. Bertan, gelako ordezkari, guraso eta irakasleek parte hartuko dute.
Ikasleak: gela bakoitzean 2 ordezkari hautatuko dira. Hauen gurasoak ezingo dira hautagai izan eta gurasoei pasatzen zaien zerrendetatik at geldituko dira (ikasleak lehenesten dira).
Gurasoak: gela bakoitzean 2 ordezkari hautatuko dira, DBHOn seme-alabak dituztenen artean, beraien jarduna 2 urtez luzatuko delarik. Beraz, edozein arrazoirengatik DBHO 1etik DBHO2ra ordezkariek beraien ardura utziko balute, hautaketa berrian ezingo dira sartu guraso-batzordekide direnen seme-alabak (gurasoak lehenesten dira).
Irakasleak: DBHOko klaustroak 2 ordezkari hautatuko ditu (koordinatzailea eta beste bat).
Halere, bozkatzeko garaian batzordea parekidea izango da, hau da, estamentu bakoitzak boto bana izango du.
Gelako ordezkariak, funtzionamendukoak ere direnak, funtzionamenduan, barne bizitzan eta hezkuntza gaietan sortzen diren behar eta arazoetan, gelakoen ordezkariak izango dira. Besteak beste, ondorengo eginkizunak dituzte:
Gelako iniziatibak eta kezkak bideratu
Ordezkarien bilera orokorrak antolatu, lanak banatu eta deialdiak egin
Batzorde iraunkorrerako ordezkari nagusi bat hautatu

Ordezkariak bildu aurretik, irakasle-ordezkariari jakinarazi eta oniritzia lortu
Ordezkarien bileretako akta jaso, zuzendu, adostu… eta geletako iragarki-taulan jarri
Klaseko funtzionamendu egokia bermatzen saiatu (elkarbizitza errazten saiatu)
Irakaslea klasera agertuko ez balitz, tutore edo koordinatzaileari jakinarazi (klaserik ez galtzen ahalegindu)

Ordezkariek gelako gainerako ikasleekin batera proposamenak eta eskakizunak egiteko aukera izan dezaten, zenbait tutoretza ordu edo adostutako une eskainiko zaizkie eztabaida eta bilduma lana egiteko (beti ere klaseko funtzionamendu normala oztopatzen ez dela ziurtatuz).

Batzordeko dinamikak horrela eskatzen duelako ordezkariek euren artean bildu nahi badute, irakasle arduradunak horren berri izango du. Batzorde hauen bilerek ez dute oztopatuko gelako martxa arrunta

Batzorde honen egitekorik nagusiena funtzionamendu araudia eztabaidatu, osatu, onarpena bideratu eta orokorki betetze maila kontrolatzea izango da. Era berean, batzorde hau jakintza ikastolako barne araudiak erregulatutakotik kanpo geratzen diren batxilergoko arazoak aztertu eta konpontzen saiatuko da, gestio planean parte hartuko du eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren jarraipen orokorra egingo du.
Ikastetxeko barne araudia eta funtzionamendu batzorde honen erabakien artean desadostasunik sortuko balitz, juntako batzorde pedagogikoa izango litzateke auzia konponduko lukeen organoa.

Funtzionamendu batzordea, gutxienez, hiru hilez behin bilduko da, edo behar den guztietan. Bertan hitz egingo den hizkuntza euskara izango da. Puntualki, kide batek ulertzeko arazoa duenean, malgutasunez erantzungo zaio.

Gai akademikoetatik at suertatzen diren zenbait kezka funtzionamendu batzordetik bideratuko dira. Edozein informazio eta eztabaida ahal den modurik zabalenean, ikuspuntu hezitzaile batetik, auziaren aurpegi ezberdinak azalaraziz, norberaren ikuspuntu sozial, etiko eta politikoak errespetatuaz egingo dela bermatuko du ikastolak.

2.2.2. Greba eskubidea

2.2.2.1. Asanbladaren eraketa eta funtzionamendua:

Batxilergoko ikasle guztiek asanbladan parte hartzeko eskubidea dute.

Konbokatzailea: deialdia sozialki onarturiko erakunde batek egingo du.

Noiz: ahal den neurrian, deialdia 48 ordu lehenago aurkeztuko da. Beranduen, egun berean goizeko 08:30ean.

Nahiz eta egun osoko deialdia izan, ahal denean, prozesua 11:00etan hasiko da, hau da, lehenengo 3 klaseak mantenduz.

Nola:
Deialdia jasotzean, delegatuak elkartuko dira eta bidezkoa den ala ez erabakiko dute.

Hala bada, 2 ikasle ordezkari irakasle arduradunari edo zuzendariari deialdia aurkeztuko diote eta asanbladaren ordua eta xehetasunak adostuko dituzte.
Adostasunik ez balego, batzorde iraunkorra bilduko da.

Asanblada konbokatuz gero, mailaz maila egingo da, ikasle guztiek parte hartuz.
Deialdia aurrera ateratzeko, proposamenaren aldeko gelako botoen erdia gehi bat baiezko eskatuko da.
Batzorde iraunkorra: guraso bat, ikasle bat, irakasle bat eta zuzendaria. Arazotsu gertatu diren deialdiak jaso eta aztertuko ditu. Berak erabakiko du deialdia bidezkoa den ala ez eta noiz egingo diren asanbladak.
Nolako deialdiak: erakundeek izenpeturiko deialdi ofizialak (orriak, kartelak…) Onartuko dira. Egunkarietako berriak ez dira deialdi ofizial kontsideratuko eta deialdia argitu eta zehazteko bakarrik balio izango dute.

Deialdirako arrazoi posibleak:

Arrazoia herrikoa edo eskualdekoa bada, dagokion deialdia onartuko da. Bestelako arazoak direnean deialdi orokorra eskatuko da.
Arrazoi batentzat (edo antz handikoak direnean) deialdi bat baino gehiago dagoenean, bakarra onartuko da.
Arrazoia errepikatuko balitz, gelako botoen 2/3ak gehi bat baiezko eskatuko da. Arrazoia ez errepikatu arren, ebaluazio baten epean, hirugarren deialdiari erantzuteko 2/3ak gehi bat baiezko beharko da (“ebaluazioan” azken azterketa ofizialaren egunean bukatuko da).
Deialdi mota ezberdinak:

Borroka eguna: zerbait sinboliko bezala hartuko dugu eta asanblada eta bozketa adosturiko orduan egingo dira, klasea moztu gabe.
Borroka eguna + beste ekintza bat: ekintza horri (greba nahiz paroa) emango litzaioke lehentasuna.
Borroka eguna + manifestaldia: manifestaldiari emango litzaioke lehentasuna eta, hau amaituz gero, adosturiko orduan klaseetara itzuli beharko lukete.

Borroka eguna + greba: grebari emango zaio lehentasuna eta hasten den momentuan egun osorako klase mozketa dakar.

Borroka eguna + paroa: paroari emango zaio lehentasuna eta honek irauten duen denboran klaseak moztuko dira.
Borroka eguna + greba + manifestaldia: grebari emango zaio lehentasuna.
Borroka eguna + paroa + manifestaldia: paroari emango zaio lehentasuna.
Binkulazioa:
Erabakiak mailaka hartuko dira eta lotesleak izango dira.

Greba dela-eta, azterketak, aurrez abisatutako lan aurkezpenak… Ez dira orduz edo egunez aldatuko, bere horretan mantenduko dira, alegia.

2.2.3. Informazioa eman edo zabaltzeko eskubidea

2.2.3.1. Gelan (informazio bat gelaratu) ( 04-04-01)

Informazio bat gela aurrean eman nahi denean, ondorengoa izango da prozedura:
Delegatuek adostu (edozein deialditan bezala) eta irakasleen ordezkariari edo zuzendariari aurkeztu.
Batzorde iraunkorra bildu eta informazioaren gaia aztertu ondoren, baiezkoa edo ezezkoa eman.
Baiezkoa bada, batzorde iraunkorrak erabakiko du noiz eta nola eraman aurrera deialdia, ahalik eta eskola ordu gutxien galtzeko konpromisoa hartuz.
Mota hauetako deialdiek ez dute gehitzen deialdi arrunten kopurua, hau da, hauek ez dira kontabilizatzen deialdi bezala.

2.2.3.1. Beste eremuetan: kartelak…

Oro har informatzaileak izango dira.
Deialdiaren osagarriak onartuko dira, ikasleei zuzenduriko deiak direnean; ez, aldiz, bailara edo herri mailakoak.

Ez da propaganda politikorik onartuko.
Aipaturiko kartelak errespetuzko jarrera izango dute, inor mindu edo iraindu gabe.
Eremua: gela barnean ez da kartelik ipiniko, horretarako ipinitako eremuan baizik. Txostena denean, leku bera erabiliko da, sokaz zintzilikatuz.
Kartelak ipintzeko prozedura:
Batzorde iraunkorrak erabakiko du kartelak baldintzak betetzen dituen ala ez.

Ikasleen delegatuak arduratuko dira araudi hau bideratu eta betearazten.

2.2.4. Sinadurak biltzeko eskubidea ( 04-04-01)

Sinadura bilketa egin nahi denean, ondorengoa izango da prozedura:

Delegatuek adostu (edozein deialditan bezala) eta irakasleen ordezkariari edo zuzendariari aurkeztu.

Batzorde iraunkorra bildu eta sinadura bilketaren gaia aztertu ondoren, baiezkoa edo ezezkoa eman.
Baiezkoa bada, batzorde iraunkorrak erabakiko du noiz eta nola eraman aurrera deialdia, ahalik eta eskola ordu gutxien galtzeko konpromisoa hartuz.
Mota hauetako deialdiek ez dute gehitzen deialdi arrunten kopurua, hau da, hauek ez dira kontabilizatzen deialdi bezala.

3. Ikasleen betebeharrak

3.1. Ikasleek eskola-elkarteko gainerako kideei errespetu osoa zor diete, hauek beraien eskubide eta askatasunak balia ditzaten. Betebehar hori ondorengo eginkizunetan zehazten da:
Eskola-elkarteko kide guztien kontzientzia libertatea eta ideologia, erlijio eta moral eta etika mailako uste sendoak errespetatzea, halaber, duintasuna, zintzotasuna, zuzentasuna eta intimitatea ere.

Jaiotza, arraza, sexua, ideologia, hizkuntza, kultura, erlijioa edo iritzia eta beste edozein zirkunstantzia pertsonal edo sozial dela bide, eskola elkarteko kiderik ez bereiztea.
Ikastolako hezkuntza eta hizkuntza proiektua errespetatzea.
Ikastolako funtzionamendurako araudia betetzea.

Ikastolako ondasunak eta instalazioak errespetatzea eta zuzen erabiltzea.
Klasera joatea, eskola egutegian erabakitako ekintzetan parte hartzea eta jarritako ordutegiak errespetatzea.
Ikasgelan irakaslearen azalpenei jaramon egitea eta proposatzen dituen ikasketa lanak egitea.

Antolamendurako eta funtzionamendurako araudia edo ikastolako elkarbizitzarako finkatutako irizpideekin bat eginik, irakasleek euren irakaste lanean agindutako lanak egitea.
Ikaskideen lanerako beren jarduna errespetatzea.

Ikastolak ezarrita duen ordutegia ikasle guztiek puntualtasunez errespetatzea.
Eskola orduetatik kanpo gelaren bat erabili nahi dutenean, irakasleei eskatzea.
Ikasleak ez du izango irakasleak baino beranduago gelan sartzerik.

Asistentzia: batxilergoan ezinbestekoa da. Hori dela eta, irakasleek kontrol zehatza eramango dute eta ikasleek horretarako prestatu diren ziurtagiriak erabiliko dituzte. Ziurtagiriak hutsegiteak egin diren aste barruan entregatuko dira. Loak hartzea, berandu etortzea, errekuperazioak prestatzen etxean geratzea… Ez dira justifikatzeko aitzakiak kontsideratuko. Informazio osoa bildu eta gurasoen eskura izango da.

Ikastolan maila eta ordutegi ezberdinak daudenez, klase aldaketetan eta sarrera-irteeretan isiltasuna zaindu beharko da, beste ikasleen lan giroa errespetatuz.
Ikastolako eremuan ezin da erre.

Atsedenean ikastetxeko eremutik atera daiteke, beti ere, oinez gerturatzeko moduko tokietara (ezin dira motorrak, autoak, etab. hartu).

Ikasle guztiek arduratu beharko dute ikastolaren eta inguruaren txukuntasunaz. Gela, komunak, pasilloak, patioa… txukun mantendu behar dira.

Garbitzaileez gain, ikasleak ere ikasgela bakoitzeko garbiketaz arduratuko dira.
Gela erabilera arruntagatik bakarrik zikindu daiteke.

Plastiko, zorro, paper, estalki… zakarrontzira bota beharko dira.

Patioko zakarrontziak ongi erabili beharko dira.

Hormak, armairuak, ateak… garbi mantenduko dira.

Norbere mahai, aulki, liburu eta inguruaren txukuntasunaren ardura ikasle bakoitzak izango du.

Norbaitek, utzikeriaz, zerbait puskatu edo hondatuko balu, konpontzeko lanak ordaindu beharko lituzke. Erruduna nor den argituko ez balitz, taldeak izango du erantzukizuna.
Leihoetatik oihuak, txistua eta gauzak botatzea galarazia dago.

Ikasgelan ezin da ezer jan, edan…besterik erabakiko balitz, txukuntasuna mantentzea ezinbestekoa izango da.
Gelatik irtetean argiak itzali, pertsianak jaitsi eta aulkiak mahai gainean jarri beharko dira.
Paperaren birziklapen arauak ongi jarraitu beharko dira.

Iturriak itxita utziko dira.

Klase hutsegiteak kasu guztietan justifikatuko dira.
Gurasoek sinatu beharko dute hutsegitearen zergatia horretarako prestatutako orrian eta hutsegitearen aste horretan bertan ikasleak tutoreari eman beharko dio.

Gela barneko lan giroa ikasketarako egokia izatea, taldeko ikasle guztien ardura da eta hala izan dadin, jarrera egokiak mantentzeko beharra eta besteei eskatzeko eskubidea dute.
Mugikorrak, mp3, mp4 eta horrelakoak debekatuta daude. Ezin dira bistan eduki eta gordeta daudenean itzalita egon behar dute. Urgentzietan bakarrik onartuko dira piztuta, betiere, irakaslearen baimen bereziarekin. Honela izan ezean, ondorengo neurriak hartuko dira:

Lehenengoan, ikasleari abisua emango zaio.
Bigarrenean, 15 egunerako kenduko zaio aparatua.

4. ARAU HAUSTEAK ETA DIZIPLINA NEURRIAK

ARAU HAUSTEAK

DIZIPLINA NEURRIAK

1. Justifikatu gabe ikastolara ez etortzea. Asistentzia falta:1.1. ordu batekoa

1.2. egun osokoa

1.3. gai baten 3 aldiz errepikatzen denean

1.1. Tutorearekin bildu eta etxera deitu.1.2. Etxera deitu eta eskutitza bidali.

1.3. Azterketa eskubidea galdu.

2.-Ikastolako instalazioak, materialak (sarraila, pertsiana, hiztegiak, igeltxoak, folioak…) edo Hezkuntza Komunitateko gainerako kideenak diren gauzak, erabilera traketsagatik hondatu. 2.- Ordainketa, konponketa edota klase ordutik kanpo zikindutakoaren garbiketa.
3.- Atsedenean ikastolak proposaturiko eremutik atera. 3.- Tutorearekin bildu. Errepikatuko balitz atsedeneko orduan ateratzea debekatu.
4.-Ikastola ordutan bizikletak, motorrak, autoak …erabili. 4.- Tutorearekin bildu. Errepikatuko balitz ikastolako ordutan ikastolak ibilgailu horien ardura hartuko du.
6.-Greba deialdiaren emaitza ez errespetatu. 6.- Asistentzia faltaren arautegira joko dugu.

ERANSKINA: Barne araudi honetan kontenplatzen ez den edozein motatako beste kasu edo gertaeraren bat suertatuz gero, ikastolako zuzendaritzak ahalmen osoa izango du egoera bakoitzean bidezkoa iruditzen zaion erabakia aurrera eramateko.

Filed by koro at Apirila 3rd, 2007 under Sailkatugabeak

Iruzkina idatzi